XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hemen, noski, surrealismoa ez dugu guztiz nahasten irrazionalismoarekin, azken hau joera estetiko orokorragoa delarik.

Irrazionalismoaren eremu zabalean, inferi daitekeenez, irrazionalismo biguna (XIX mende erdialdekoa eta XX mende haserakoa Machado batengan) eta irrazionalismo erdikoa (lehenengo J. R. Jiménez-ena eta beste batzuena), eta irrazionalismo gogorra ematen da.

Azken irrazionalismo estetiko honen eta surrealismoaren loturak aztertzea beste egiteko interesgarri bat da.

Gauzen giltzadura logikoa epeltzen eta ematzen etorri den heinean (eta ez beti), zama emotiboa atzeman dugu.

Bainan, sailkapen hauetan ez ahaztu irudi eta metafora tradizionaletan ere ilogikak bere presentzia duela, ezen-eta irudi zaharretako zure hortzak perlak iduri, edo-eta zure ileak urre izpiz muinez ilogikoak, burugabeak (irrazionalak) dira, ezen-eta ez baita posible urrezkoa den ilerik ematea, ala harribitxi edo perla den hortzarik konstatatzea.

Hor bertan ere maila irrazionala present dago, bainan noski, A eta B mailen arteko giltzadura fisikoa askozaz hurbilagoa eta onartuagoa da (tradizioaren poderioan) ile gorria eta urrearen hortz zuriak eta perlen artean...

Hemen, noski, elkardura horien eten leunaz ala bortitzaz (gaitzaz) mintzatzen gara.

Bata eta bestean absurduaren (irrazionalaren) onarpena leunagoa ala gaitzagoa izanen da; eta, esan dugunez, zama emozionala ere desloturaren proportzioan joanen da (baldin-eta poetak irudi ausartegia edo etenegia egitean irakurleak deus ulertzen ez badu); orduan, agian, ez geundeke poesiaren eremuan, joku hermetiko baten esparruan baino...

Eta horrelako asko gertatzen da ere gaurko arte hermetikoan, autoreak bere mezu estetikoa transmititzea etendura metaforikoagatik lortu ez duenean.

Hor errua irakurlearengan ere egon daiteke, egungo estetikara egokitua ez dagoelako sentsibilitatearen aldetik, eta baita autorearengan urrunegi joan delako bere irudien ausardian eta etenduran.

Dena dela, poetak (eta edertzaleak) bere lan estetikoaz ikuslea emozionatzea lortu badu (nahiz-eta poetikoki zergatik ez jakin) lan ona egin du eta ez du hutsik egin bere edergintzan.

Jakina denez, bisemiak, disemiak, metaforak, etab. halako eremu intuitibo-labainkorrean mugitzen dira.

Horietan sentitzea eta emozioz ukitua experimentatzea logikoki ohartzea baino garrantzitsuagoa da...

Hemen, nolabait ere misterioaren esparruan gabiltza; eta misterioa ulertu ez-baino gozatu, dastatu, bizi egin behar da.

Emozio estetikoa ere misterioaren dastamena da.

Eta bestalde, poetaren karakterizazio nagusienetakoa naturaren aurrean harritzea, txunditzea (extrañarse) da.

Harritu gabe ez daiteke poesia sakonik egin (ezta, logikaz, pintura ala musika sakonik ere).

Harritzeko gaitasun sakonik ez daukan poeta azalekoa izanen da.

Irudien munduan, noski, ezlogikaren eta emozioaren agintekeria, diktadura ematen da.

Emozioak elkar kutsatzen eta tindatzen etorriko dira (irudiak bezala gainezarketa edo superposizio eta deslekumenetan desplazamendutan.

Fenomeno hori, gero, iragankortasunez ukitua ikusiko da, eta baita elkarketa metaforikoz, azkenik, misterio estetikoaren aurrean harriduran amaitzeko.